XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zerbaitek iges dagi

Odei illun ta laño artean ere
oraindik eguzkiak argi dagi
ta, izarrak dira agiri;
oraindik ibarrak ibar dira bai,
ibaiak ibai, zelaiak zelai
ta, landaz-landa, muño zear
gure baso ta oian artean
mendiak mendi dira bai;
ta, beste ainbeste ta ainbeste,
Gorbea, Aitzgorri, Aralar
zut-zutik ta goi, zerupean,
ezetasunik ederrenean,
erriaren izate ta gogo,
erriaren oñarriak dira bai.

Alere, gugandik, barren-mintzozko
negar-zinkurin minkatzez,
ixilpe bildurgarrian
zerbaitek, bai, zerbaitek iges dagi,
illunduz, aulduz, ostikoperatuz,
bai, iges dagi bai zerbaitek,
iges dagi bere gogo, izatearen
nortasun ederra utziz:
pago mardul, aritz lerden,
zumar eze, arte zindoak ziranak,
iges dagite bai piñudiz-piñudi,
erdel-otsezko aiurri zeken,
aize zakarraren eragin beltzez...
zerbaitek iges, iges dagi bai,
gure mendi, gure ibar ta itxaso,
gure baso eder ta oianetatik
zerbaitek iges dagi bai, zerbaitek,
gure landa, zelai ta ibaietatik,
iges dagi bai zerbaitek
gure artean, alako
gorputz ustu, arima galduaren
ildura triste bat utziz.